XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Harrigarria zait behintzat Gobernuaren eginkizunen ikusmolde hori: erabakia hor nonbait erabakiko da, azokan edo, lehiaketaren eremu azkengabean.

Bitartean Gobernua begira dago (espainolez ari, pentsatzen dut, neutralago izateko), kanpotik eta neutral, borroken gainetik.

Eta zerbait gehiengoak onar dezanean bakarrik onartuko du Gobernuak ere.

Gobernuaren abstentzionismo- edo neutralismo-antzeko zerbait proposatzen da hortakotz (ez, alabaina, erabatekoa, interbentzionismo bitxiena gaineratzen bait zaio: justizia kosmiko baten antzera, indar sozial gutxiago duten joerei laguntza gehiago emango die).

Azken batetan Gobernuak ez du berak deus erabakitzen, publikoan erabakita geratu dena onartzen baizik.

Demokratikoago ezina.

Hain ezina, Eusko Gobernuak, orain berton, majo abstenitzen delarik, ez bait du praktikatzen.

Horrelako konstrukzio bat paperean bakarrik egin liteke.

Menturaz egoera normal batetako arazo normalen artean horrelaxe jokatu beharko luke Gobernuak.

Hots, indar sozialek nagusiarazten duten hizkuntz eredua hartu eta ofizialdu botere politikoak.

Baina hemen eredua bera bait dago sortzeko (euskara normalizatua bizitza publiko guztirako): eta horixe sortzea bait da problemaren gako guztia.

Momentu honetan, larri baino larriago gabiltzala (euskararen heriotza posibilitate ondo erreala da), joera desberdinak elkarren lehian dabiltzalako, programa harrigarri hori gomendatzen zaio Gobernuari: ez alderdi hartu, egon neutral sintesia egin dadin arte.

Laissez faire, laissez passer batez ere.

Zertarako behar ote dugu Gobernurik, galdetuko luke batek, gobernatu behar ez badu?.

Irabazitako borrokak irabazteko aski ginen geu bakarrik, Gobernu gabe.

Hau dena, PNV barruko tirabira eta kontraesanen kontsiderazio askotxo ez bada, izan liteke Hiztegi Arauemaileko lanaren eta metodoaren transposizio bat.

Hiztegigileak (hizkuntzalariak) ez du berak erabakitzen; bilatu egiten du zer dagoen erabakita (printzipioz, ze praktikan gauzak ez bait dira beti hain erabakita etortzen) eta hari ematen dio bere hiztegian lehentasuna.

Hori ez da, ordea, geroa egiten, ez iragana biltzen, dabiltzan eta euskararen normalizazio soziala, ez hiztegi arauemaile bat, egin behar duten politikoen kasua.

Gauza bat da normalizazio linguistikoa, bere maila guztietan: (...).